Gizon Basatia

Albrecht Dürerren marrazkiak, gizon basatiekin armarri heraldikoak eusten.

Gizon Basatia (baita ere basagizona) Europa osoan zehar Erdi Aroan zehar garatutako arketipo eta figura mitiko bat da, Satiro edo Faunoarekin alderagarria mitologia klasikoan eta Silvano erromatar basoen jainkoarekin. Euskal mitologiako Basajaunekin ere aldera daiteke[1]. Alemania eta Suitzako kondairetan garrantzi berezia izan du, Wilder Mann izenarekin[2].

Testu eta irudikapenetan Gizon Basatiak askotan esanahi metaforikoa du. Basatia dena, natura mehatxagarria, natura gainditua, giza garapenaren aro kultural tradizionalak eta gizakiaren zenbait ezaugarri, jatorrizkotzat hartzen direnak, irudikatzen ditu. Erdi Aroan, Gizon Basatia, herri sinesmenaren mito bat izatetik, naturaren gaindiko kontrolaren arketipo bat izatera pasa zen. Hortik aurrera, goi mailako gizarte klasearen historietan desiragarriak ziren ezaugarrien ikur izatera pasa ziren.

Gizon Basatiaren ezaugarri nagusia bere "basatasuna" da; XII. mendetik aurrera batez ere ilez estalita marraztu izan da. Gizon Basatiaren irudiak daude leku askotan, adibidez Canterburyko katedralaren sabaian. Gizon Basatiaren figurak biziraun du heraldikan, bereziki Alemanian XVI. mendean, baita ere Gipuzkoako armarrian, adibidez. Martin Schongauer edo Albrecht Dürer artistek interes berezia zuten gizon, emakume eta familia basatietan, eta hala irudikatu zuten euren grabatuetan. Emakume basatiaren figura ere ohikoa izan da kontakizun askotan; Euskal Herrian Basandere horren adierazpen bat da.

Arketipoa, denboraren poderioz, aldatzen joan zen, bereziki Amerikaren aurkikuntzaren ondoren. Modernitatera iristerakoan Basati Onaren figura hedatu zen, eta Aro Garaikidean gizon basatiaren hutsunea bete dute beste izaki batzuek, bereziki trogloditek eta estralurtarrek.

  1. Begoña Echeverria. (2014). «Capturing Basque Witches, Releasing Lyrical Resources:» Preternature: Critical and Historical Studies on the Preternatural 3 (1): 110.  doi:10.5325/preternature.3.1.0110. (Noiz kontsultatua: 2020-07-02).
  2. (Ingelesez) Leitch, Stephanie. (2008-06). «THE WILD MAN, CHARLEMAGNE AND THE GERMAN BODY» Art History 31 (3): 283–302.  doi:10.1111/j.1467-8365.2008.00607.x. (Noiz kontsultatua: 2020-08-02).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search